viernes, 28 de noviembre de 2014

Azaroaren 30ean: EZ


Itziarko Entitate Txikiko auzotarren postontzietan utzi digun idatzia:

"Herritarrok:
Joan den ekainaren 17an udalbatzaren gehiengoak onartutako Itziarko Entitate Txikiaren eraketarekin ados zaudeten jakiteko, Debako Udalak datorren azaroaren 30ean egingo duen galdeketan parte hartzeko deitu zaituzte. Dakizuenez gero, gu ez gaude ados tokiko erakunde horrek izango duen lurralde banaketarekin, %92,5a (48 km2) biztanleen %20arentzat eta populazioaren %80ri lurraldearen %7,5a (3,9 km2) lagatzen digute eta. Horregatik beste proposamen bat egin dugu, herritar guztiontzako egokiagoa eta orekatuagoa dena.
Foru-Arauak auzotarren iritzia ezagutzea eskatzen du eta GORADEBA taldean prozesu hori kontsulta bidez egitea positiboa dela uste dugu. Hala ere, astakeria eta akats politiko larria iruditzen zaigu, boto-txartelak uzteko hautesontzi bakarra jartzea. Gai honek auzo bakoitzeko herritarren iritzia ezagutzeko nahikoa garrantzia du eta horretarako ezinbestekoa da auzo bakoitzean hautesontzi bat jartzea.
Auzo bakoitzeko bizilagunen iritzia ezagutu ez dadin, udal-gehiengoak erakutsi duen burugogorkeria ez dugu ulertzen, auzoren batean nahi ez duten emaitza aterako den beldur ez badira behintzat. Kontua da, zuzendu ezean, zalantza ebatzi gabe geldituko dela eta etorkizunean gatazkak sortu ditzakeela.
Gure iritziz, Debako auzoen egoera ez da Itziarren menpe egonda hobetuko, bertan dago udalak proposatutako tokiko erakundearen populazioaren ia %50a. Orain arte, Debaren baitan egonda ez da hain gaizki joan. Egia da, egin den guztia hobetu daitekeela eta hobetu beharko litzatekeela, baina horretarako ez da beharrezkoa herritarren arteko liskarrak mantentzea. Izan ere, udalaren proposamenak ez ditu arazoak konponduko.
Tokiko Erakunde Txikia eratzeko prozesua hasi izana ezin da gure ustetan justifikatu, Debako Udalak Itziar eta beste auzoetako herritarrei zerbitzu eskasa eman dien susmoarekin. Eta are gutxiago, Itziarrerako udalerriko diru-sarreretan duen pisu espezifikoari dagokiona baino baliabide gutxiago zuzendu direla esanez. Besterik gabe, ez baita egia. Zuek, auzoetan bizi zaretenok inork baino hobeto dakizue hori.
Hain zuzen, datuak setatiak dira oso, eta udal-aurrekontuek, gutxienez 1983tik eta Debemenek zuzenean edo Izarraitz Biziriken bitartez gauzatutako proiektuek egiaztatzen duten moduan, Debako kaskora zuzendutako errekurtsoekin gonbaratuz ez da egia auzoetara errekurtso gutxi zuzendu izana. Horrela, 1983-1987 legealdian, Deban 328.103.079 pezetatako inbertsioak egin ziren bitartean, Itziarren eta landa-eremuan, 227.716.385 pezeta inbertitu ziren. 1987tik 1992ra, kopuru hori nabarmen igo zen. Zehaztu dezakegu: 44 km. landa-bide (220 milioi pezeta baino gehiago), azpiegitura lanak (97,8 milioi pezeta), ur hornikuntza (garai haietan landa eremuko ur eramateak sare orokorrera konektatuta zituen udalerri bakarrenetakoa zen Deba), nekazaletxeak, landa-elektrifikazioa, telefonoak….etab. Geroago egin ziren Lasturko elizako birgaitze lanak, ludoteka eta elkartea, estalitako pilotalekua, bola-tokia eta aterpetxea, Elorriagako elkartea, Itziarko botika eta osasun zentroa, eta gainera bertan eraiki zen ere udalerriko lehen pilotaleku estalia....
Beraz, arrazoi ekonomikorik ez badago, agerikoa da, Tokiko Erakundearen eraketa sostenga dezakeen arrazoi bakarra, udal berri bat eratzeko auzitegien arbuiatzearen ondoren, Itziarko auzotarrak adierazi duten autogobernu borondatea kanalizatzeko eta administrazioa herritarrei hurbiltzeko printzipioa eta Itziar eta udalerriko herritar guztiei zerbitzuak hobetzeko erantzunik egokiena eta eraginkorrena dela. Horretarako Debako biztanle guztien bizikidetasun adeitsua hondatuko ez duen adostasun zabala ezinbestekoa dela sinetsita gaude, eta hori ez da posibe izango udalak onartutako proposamenarekin. Benetan uste dugu, GORADEBA TALDEAren proposamena, Itziar eta Itxaspe jasotzen duen Tokiko Erakunde Txikia, herritar guztion behar eta desioetara askoz hobeto egokitzen dela.
Dena dela, erabakia zuena da. Nahiko genuke erabaki hori askatasunez eta ausardiaz hartzea, inoren presiorik gabe, udaleko gehiengoaren proposamena eta GORADEBA taldearena objektiboki baloratuz. Aztertu itzazue biak, gonbaratu eta gero aukeratu zuen ustez auzo guztietako eta gure udaleko herritar guztien interesei hobeto erantzuten diena. Horrela eginez gero, seguru gaude kontsulta egunean, egungo udalaren proposamenari EZ bozka emango duzula, herritar guztien behar eta desioetara hobeto egokitzen den beste entitate bat eratzeko aukera zabalduz. Oraingo proposamenean auzoentzako zalantza ugari eta atzera martxarik ez duten erabaki okerrik ez hartzeko argitu beharko liratezkeen erantzunik gabeko galdera asko daude. Zuen esku dago.
Jakin ezazue prozesu guztian zehar udalaren eta alkatearen jarrera benetan kaskarra izan dela. Legeak hautsiz nahiz Foru Araua jarraitu beharrean lege espainiarrak jarraituz. Guri, ez digu jaramonik egin, nahiz eta gure proposamena 1.213 sinadurarekin babestua egon. Kontsulta honetan ere zuengana zuzentzeko ez digu inongo erraztasunik eman. Alkateari zuzendu genion gutuna eta bere erantzuna eransten dizkizuegu ezagutu eta baloratu dezazuen. Ezer gutxi gehiago gehitu dezakegu.
GORADEBA TALDEA"

No hay comentarios:

Publicar un comentario